2019/11/27. BTWCk atunontzi izoztaileen sektorearen eragin ekonomikoaren ikerlanaren emaitzak aurkeztu ditu

  • Datuak Bermeo Tuna World Capital Elkarteak, AZTI zentro teknologikoarekin elkarlanean, landutako txosten baten parte dira
  • Ikerketa atun sektore izoztaile osoaren balio katearen eragin ekonomikoaz egiten den lehendabiziko azterketa da, eta, horren arabera, Espainian, sektoreko ontzi guztien %77 euskal enpresena da.
  • Bermeok, berak bakarrik, 45 atunontzi ditu, eta 27 ontzi lagungarri eta 6 kargaontzi

 

(Bilbo, 2019ko azaroaren 27a). – Atunontzi izoztaileen sektorearen balio kateak 3.100 lagun enplegatzen ditu eta 924 milioi euro fakturatzen ditu Euskadin, Bermeo Tuna World Capital Elkarteak (BTWC), AZTI zentro teknologikoarekin lankidetzan, egindako ikerketa baten arabera.

 

Dokumentua atun sektore izoztailearen balio kate osoaren eragin ekonomikoaz egiten den lehen azterketa da, maila estatalean, erregionalean eta lokalean egin da, eta gaur aurkeztu da, Bilboko Itsas Museoan egindako prentsaurreko batean, hor izan direlarik Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza ea Elikadura Politikako sailburuorde eta BTWCko lehendakari Bittor Oroz, txostenaren ikertzaile arduradun Raul Prellezorekin batera.

Analisia 2015., 2016. eta 2017. urteetako datu ofizialekin egin da, eta tunido tropikalei erreparatu die, hau da, atun moja (Thunnus obesus), hegal hori (Thunnus albacares) eta marradun (Katsuwonus pelamis) espezieetakoei, hiru horiek osatzen baitituzte gehienbat atunontzi izoztaileen harrapaketak. Espezie horiek batez ere kontserba moduan iristen dira kontsumitzailearengana, atun eta hegaluze izendapenekin.

 

Ikerketaren arabera, sektoreko euskal enpresek 1.969 milioi euroko eragin ekonomikoa sortzen dute mundu osoan, eta horietatik 924 milioi zuzenean etortzen dira Euskal Autonomia Erkidegora (448 milioi arrantzan eta 476 milioi transformazioan).

 

Gainera, euskal enpresa izoztaileek 29.117 enplegu zuzen zein zeharkako sortzen dituzte, eta horietatik 3.100 EAEn geratzen dira, eta gainerakoak munduko hainbat lekutan banatzen dira.

 

Estatu osoan kontabilizatuta dauden 70 atunontzietatik 54 euskal titulartasunpekoak dira (guztien %77), horietatik 45 Bizkaiko kostaldeko Bermeokoak, sektorean funtsezko garrantzia duen gune geografikoa izanik.

 

Arraina oinarrizko proteina iturria izan da beti gizakientzat, baina atun izoztuaren sektoreak arreta berezia merezi du. Oraingo egoera XX. mendearen erdialdean hartu zen erabaki oso arriskatu baten emaitza da, eta industria aktibo, dinamiko eta inbertitzeko ahalmen handiko bat eragin du, izan ere, arraina harrapatzeaz gain, jarduera ekonomiko handia sortzen du maila lokal, erregional nazional eta internazionalean”, adierazi du Oroz sailburuordeak txostenaren emaitzak aztertu eta gero.

 

Bermeora begira

 

Bizkaiko Bermeo udalerriak garrantzi berezia du sektorean. Bermeoko enpresek 45 arrantzontzi dituzte, eta, gainera, Euskadik estatu osoko totalari gehitzen dizkion 27 ontzi laguntzaile eta 6 kargaontzien jabeak dira. Bermeoko ontzidiak Indiako Ozeanoan, Ozeano Barean eta Atlantikoak jarduten du.

 

Bermeoko konpainiek sortzen duten negozio bolumena 1.550 milioi eurora iristen da (Euskadiko totalaren %79 eta estatuko totalaren %44).

 

Gainera, enpresa horietan 21.493 enplegu zuzen zein zeharkako kontzentratzen dira, horietatik 2.112 udalerrian bertan (593 transformazioan eta 1.519 arrantzan).

 

Estatu osoan

 

Estatu osoan, guztira, 70 arrantzontzi daude, 31 ontzi laguntzaile eta 8 merkantzi ontzi. Estatuko flotaren arrantza eta transformazioak 3.532 milioi euro sortzen ditu urtean, eta horietatik 2.718 milioi Espainiara etortzen dira (485 milioi arrantza jardueretan eta 2.233 milioi transformazioan).

 

Gainera, Estatuko ontzidiak 47.830 enplegu mantentzen ditu, horietatik 9.448 estatuan bertan (7.563 transformazioan eta 1.885 arrantzan).

 

Atuna arrain kontsumoen %50 baino zerbait gehiago da Espainian. Pertsona bakoitzak urtean 2,3 kilogramo inguru kontsumitzen ditu batez beste, urtean 17 euroko gastuarekin pertsonako.

 

Ekoizpenaren arloan, Espainiak 225.000 tona atun kontserba ekoizten ditu, hau da, munduko bigarren ekoizlea da. Herrialdean 60 kontserba fabrika baino gehiago daude, eta 1.000 enplegu eta 1.241 milioi euroko fakturazioa sortzen dute.

 

Produkzioaren %38 esportatu egiten da, batez ere EBra (%95), Italia eta Frantzia izanik Espainian ekoizten diren atun kontserben helmugako merkatu nagusiak.

 

———-

Txostenaren laburpen exekutibo osoa esteka honetan eskura daiteke: Laburpena 

All-focus

Leave a Reply

Your email address will not be published.