2018/07/26. Bermeo Tuna Tagging Race dator, Bizkaiko golkoan arrantza kirola egiteko atungorria elektronikoki markatzeko lehenengo ekitaldia

  • Herritarren zientziarako programa bat da, eta ingurumena errespetatzeko balioak sustatzen ditu eta herritarren artean ezagutza zientifikoa bultzatzen du, atungorri atlantikoari buruzko ikerketara zuzenduta.
  • Lehendabiziko aldiz egingo da horrelako jardunaldi bat Bizkaiko golkoan.
  • Ekitaldiaren formula da atungorri erraldoiak harrapatzea, markatzea eta askatzea, eta, horrenbestez, alde batetik, arrantzako kultura berri  bat sustatzen da, eta, bestetik, atunaren biologia hobeto ezagutzea, horrek lagundu egingo baitu biodibertsitatea babesteko eta zaintzeko politika hobeak diseinatzen.

(Bermeo, 2018ko uztailaren 27a) Bermeo Tuna Tagging Race irailaren 21etik 23ra egingo da Bermeon, eta zientzia egiteko modu dibertigarri bat da, Bizkaiko golkoan atungorriaren egoera hobeto ezagutu ahal izateko. Ekitaldiaren antolatzailea Bermeo Tuna World Capital da, izan ere,  elkarte hori atunaren iraunkortasuna bultzatzen ari da, eta, oraingoan, AZTIren lankidetza zientifikoa ere izango du, erakunde kidea baita. Lehendabiziko aldiz egingo da Bizkaiko golkoan atungorria marka elektronikoarekin markatzeko kirol proba bat, arrantza kirolariei zuzenduta. Ekitaldi zientifikoak ingurumenaren aldeko errespetuzko balioak sustatzen ditu eta ezagutza zientifikoa bultzatzen du herritarren artean.

Bizkaiko golkoan atungorria markatzeko jardunaldiak agerian uzten du arrantza kirolaren sektorearen ahaleginaren balioa arrantza espezieen iraunkortasunaren alde, eta horrelako arrantza motaren zaleen eta itsasoaren biodibertsitatea eta iraunkortasuna zaintzeko arrantzaren inguruko ikerketaren harremanak sendotzen laguntzen du. Markatzeko jardunaldian zehar kirol arrantzaleek ahalik eta markaketa kopururik handiena lortzen saiatuko dira, proba irabazteko.

Probaren helburu nagusia atungorriaren markaketa elektronikoa da (satelite bidez), AZTIko langileek jarraipena egin eta ikertu ahal izan dezan ekologiari eta tunidoen portaerari buruz Bizkaiko golkoan. Lortutako datuek ezagutza handiagoa emango dute atungorrien stockaren egituraren inguruan eta, ondorioz, kudeaketa jasangarria hobetzen lagunduko dute.

Markatzeko jardueran tunido edo beste espezie batzuen aleak harrapatzen dira, bakoitzaren hainbat neurri hartzen dira, hala nola tamaina eta pisua, uraren tenperatura neurtzen da, eta markaketaren beraren data eta kokapena hartzen dira. Arraina marka batez identifikatu eta gero, itsasora itzultzen da. Ondoren, berriro harrapatzen badute, datu biologikoak hartuko dira berriro ere (neurria, pisua eta sexua), ingurunekoak (tenperatura eta kokapena) eta berrarrapaketarenak (data eta kokapena).

Markaketa konbentzionala oso baliagarria da populazioak oro har mugitzeko dituen joerak behatzeko (adibidez, markaketan eta harrapaketan duen kokapena), baina metodo horrek ez du informaziorik ematen eskala tenporaletan (hau da, arraina nora joan zen askatu eta berrarrapatu eta gero), ezta beste xehetasunik ere portaera indibidualari buruz. Horregatik, Bermeo Tuna Tagging Racek nobedade bat dakar: marka elektronikoak animaliatik askatzen dira, lur azalerara igotzen dira eta, satelite bidez, informazioa bidaltzen die ikertzaileei; ondorioz, marka horietarako ez da beharrezkoa berrarrapaketa egitea. Gainera, marka elektronikoek informazio zehatzagoa eta zabalagoa ematen dute, eta horrek tunidoen ulermen biologiko handiagoa ahalbidetzen du, eraginkortasunez ebaluatu eta antolatzeko.

Zientzialariek erabilitako informazioarekin espezie horren biologiaren hainbat alderdi kalkulatu ahal izango dira, hala ola populazioaren tamaina, hilkortasun tasak, banaketa geografikoa, migrazioak eta migrazio tasak, hazkundea eta portaera. Lortutako datuek ezagutza handiagoa emango dute atungorrien stockaren egituraren inguruan eta, ondorioz, kudeaketa jasangarria hobetzen lagunduko dute.

Atungorria, zaintzeko espeziea

Atungorria gehiegi esplotatu zen 1990etik 2008ra bitartean, bere arrantzaren gainean egin zen presio indartsuaren ondorioz. Urte hartatik aurrera, hein handi batean agintaritza politikoek eta kudeatzaileek hartutako neurrien ondorioz (horien artean ICCAT-Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak atungorria lehengoratzeko ezarritako plana), egoera hobetu egin da eta populazioa berreskuratu da. Markatzeko ekintza honen helburu handietako bat da atunaren biologian sakontzea ahalbidetuko duten datuak jasotzen jarraitzea eta atungorria kudeatzeko neurrien eraginkortasuna areagotzea.

Izena emateko jarraibideak

Izena emateko Bermeo Tuna World Capitalen webgunea erabili behar da: https://www.bermeotunaworldcapital.org/eu/tunarace-2/

Ekitaldian parte hartu dezaketen ontzien kopurua mugatua da, antolakuntzako arrazoiengatik, eta horiek hautatzeko oinarria izango da atun handietan, maraketan edo spinnigean dituen esperientzia. Gainera, arrantzarako ekipamendu egokiak eduki beharko dituzte (arrain handietarako kanaberak eta txirrikak).

Interesa duten parte hartzaileek abuztuaren 27a baino lehen eman behar dute izena. Hurrengo astean jakinaraziko zaie interesdunei inskripzioa onartu den ala ez. 25 euro izango da tripulatzaile bakoitzeko (tripulatzaile bi gutxienez ontzi bakoitzean), eta onartutako ontziek baino ez dute ordainduko.

Proban zehar, AZTIko biologoen talde batek atunak arrantzatu eta markatzeko prozesua ikuskatuko du, ekintza jasangarria dela bermatuz, eta parte hartzaileei praktika onak erakutsiz, atunen egoera ona zaintzeko.

Bermeo Tuna World Capital

Bermeo Tuna World Capital egitasmoaren erronka da atunaren kudeaketa jasangarria sustatzea, ezagutzaren eta praktika onen lidergoaren bitartez.

Aliantza publiko-pribatu baten emaitza da, Bermeon, Euskadin eta nazioartean atunaren balio kateko eragile nagusiak inplikatzeko. Orain arte, egitasmoarekin bat egin dute Atunketari Izoztaileen Elkarteek (ANABAC eta OPAGAC); Bermeoko Arrantzale Kofradiak; hainbat kontserba enpresak (Salica, Serrats, Arroyabe eta Zallo);  AZTI zentro teknologikoak, eta Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.

Hiriburutzak zientziaren eta arrantzaren, ezagutzaren, prestakuntzaren eta berrikuntzaren arteko lankidetza sustatu nahi du, ondare historikoa berreskuratu, kudeatu eta zabalkundea egiteaz gain. Gainera, egitasmoarekin, Bermeo herriaren garapen ekonomikoa eta soziala ere bultzatu nahi da.

Informazio gehiago: Iñigo Onandia. Bermeo Tuna Tagging Raceko koordinatzaile zientifikoa. Mail: ionandia (at) azti.es  Tel.: 667174386

 

Leave a Reply

Your email address will not be published.