2018/09/18. II Bermeo Tuna Tagging Challenge-aren aurkezpen ofiziala

  • Ekimenarekin, zeinak haurrentzako hainbat ekintza eta tailer dituen, asmoa da herritarrei ingurumenarekiko errespetuaren balioa irakastea eta Bizkaiko golkoko atungorriaren ikerketa zientifikoa sustatzea.
  • Bermeo Tuna World Capital-ek bultzatutako ekitaldia, Bermeoko Arrantzaleen Museoan aurkeztu da gaur, Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Leandro Azkue, Bermeoko alkate Aritz Abaroa eta Seastainable Ventureseko zuzendari Ignasi Ferrer aurrean zirela.

 

Bermeo, 2019ko irailaren 18a. Bermeo Tuna Tagging Challenge ekitaldiak arrantza eta zientzia elkartuta Bizkaiko golkoko atungorriaren kontserbazioa bilatzen duen ekimena da, eta ekitaldi horren bigarren edizioa irailaren 20tik 22ra bitartean egingo da Bermeon.

Ekitaldiaren programan era guztietako jarduerak sartzen dira, esaterako, atun pieza handien markaketa elektronikoa, haurrentzako tailerrak eta informazio materialen proiekzioa. Bermeo Tuna World Capital-i egokitu zaio berriro ekimen honen antolaketa, izan ere, Bermeon, Euskadin eta nazioartean atunaren balio kateko funtsezko agente guztien artean iraunkortasuna bultzatzen duen elkartea da.

Bermeoko Arrantzaleen Museoan aurkeztu da gaur ekitaldiaren jardueren programa, Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendari Leandro Azkue, Bermeoko alkate Aritz Abaroa eta Seastainable Ventureseko zuzendari Ignasi Ferrer aurrean zirela.

Bermeo Tuna Tagging Challengeren helburu nagusia atungorriaren markaketa elektronikoa da (markaketa arruntekin osatuz), AZTIko zientzialariek satelite bidez espeziearen jarraipena egin eta ekologia eta tunidoen portaera ikertu ahal dezaten Bizkaiko golkoan. Marka elektroniko guztiak Eusko Jaurlaritza eta Itsas Garapen Elkartearen eskutik entregatu dira jada, eta haietatik atera diren datuekin hobeto ezagutu ahal izango da atungorrien stockaren egitura, haien kudeaketa iraunkorra hobetzeko.

15 itsasontzik baino gehiagok eman dute izena atunak harrapatu, markatu eta askatzeko lanetan parte hartzeko. Iaz baino sei itsasontzi gehiago dira. Gainera, hiritar guztiak daude gonbidatuta asteburuan paraleloki programatu diren jarduera guztiekin bat egitera.

 

Kirola, ikerketa eta tailerrak publiko guztientzat

Kostaldeko herriko olatuaren eskulturaren ondoan jarriko den karpa zabal bat izango da Bermeo Tuna World Capitalaren gaineko informaziorako gunea. Larunbat goizetik elkartearen jardueraren gaineko eta markaketak arrantza espezieen iraunkortasuna babesteko modu gisa duen garrantziaren gaineko informazioa proiektatuko dute bertan.

AZTIko adituek, halaber, haurrentzako tailerrak egingo dituzte larunbat eta igandeko goizetan, 11:30etik aurrera. Tailerrekin arrantza modu berriak ezagutarazi ahal izango zaizkie parte hartzen duten haurrei, eta seinaleak egoki jartzen eta seinaleek eskaintzen duten informazio guztia deszifratzen irakatsi ere irakatsiko zaie.

 

Babesleak eta kolaboratzaileak

Aurtengo edizioan ere Seastainable Venturek lagunduko du. Ekonomia Urdinaren eremuko proiektuak garatzen enpresa aitzindaria da, eta proiektu komunak sortu, garatu eta kudeatzeko Bermeo Tuna World Capital elkartearekin iaz izenpetu zen akordioari esker edukiko du ekitaldiak elkarte horren laguntza.

Era berean, erakunde, organismo eta enpresa ugarik babesten dute ekimena. Erakunde babesleen artean nabarmentzen dira Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordetza, Arrantza eta ur arloa sustatzeko Itsas Garapen Elkartea izeneko tokiko taldea, Bermeoko Udala, AZTI zentro teknologikoa, Atunlo eta Scientific Angler erakundea.

Bestalde, honako hauek dira parte hartzaile guztientzako ekipamendua eta produktuak edo lehiaketaren irabazleentzako sariak emateko euren aletxoa jarri duten enpresak: Isabel kontserbak, Cuca kontserbak, Ufishpro, BlackFin, Yuki, Gamefisher, Fishus, Grundens, Amegari, Garmin, Howk, Magictuna, Big Blu, Prenersat, 60 millas, Ufishpro eta Sentinel.

Leave a Reply

Your email address will not be published.