VIRTUAL EVENT UN OCEAN CONFERENCE

BTWCk atunaren jasangarritasuna sustatzeko nazioarteko aliantza aurkeztu du NBen ekitaldi batean

  •  Nazio Batuen Erakundeak egun hauetan Lisboan egiten ari den Ozeanoei buruzko Bigarren Mundu Konferentzian parte hartu zuen elkarteak atzo, ekainak 28.
  • BTWCk Atunaren Iraunkortasunerako Nazioarteko Adierazpena aurkeztu zuen topaketa birtual batean. Ekimen global eta kolaboratiboa da, eta ahotsak batzea du helburu, arrantza-baliabide horren kudeaketa eraginkorra bermatzeko.
  • Bermeo Tuna Forum ere ezagutzera eman zuen, 2023an Bilbon eta Bermeon atun-sektorearen iraunkortasunari buruz egingo den nazioarteko lehen foroa.

Bermeo, 2022ko ekainaren 29a.- Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkartea aukeratuetariko bat izan da ekainaren 27tik uztailaren 1era Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Lisboan egingo duen Ozeanoei buruzko Bigarren Mundu Konferentziaren programa ofizialean parte hartzeko. Atzo, hilak 28, BTWCk parte hartu zuen, Ignacio Serrats (BTWCeko presidentea) eta Aritz Abaroa (BTWCeko presidenteordea) ordezkatuz, Atunaren Iraunkortasunerako Nazioarteko Adierazpena aurkezteko mundu mailako topaketan.

Aliantza global eta kolaboratiboa da, Bermeo Tuna World Capitalek sustatua, eta mundu osoko atunaren hiri nagusiak eta atunarekin zerikusia duten eragile guztiak bateratzea du helburu, ozeanoen eta, batez ere, atunaren eta atunaren harrapaketaren kudeaketarekin eta garapen jasangarriarekin konpromiso bera hartuta.

“Atuna 90 herrialde baino gehiagoko garapen ekonomikoaren oinarria da, munduko arrantzaren balioaren %20 eta munduan kontsumitzen den proteina osoaren % 25. Gainera, osasunerako superelikagai bat da, dituen propietateei esker. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu atunaren sektoreak gizateriaren garapen jasangarrian duen funtsezko eginkizuna aitortzea eta babestea», azaldu zuen atzo Ignacio Serrats BTWCko presidenteak.

Nazioarteko Adierazpen horren bidez, baliabide natural horren iraunkortasuna bermatzeko ekimen bat abiarazi nahi dute sustatzaileek; izan ere, baliabide hori errendimendu iraunkor handienetik hurbil dago. «Hazkunde demografikoaren aurreikuspena kontuan hartuta, eta egoera basatian harrapatzen den proteina bati buruz ari garela (akuikulturan ekoizteko aukerarik gabe), elikagai hori gero eta urriagoa eta garestiagoa izatea aurreikusten da», ohartarazi du Serratsek. Serratsek gaineratu zuenez, atunaren kudeaketa jasangarria sustatzen eta legez kanpoko arrantzaren aurka (gaur egun arrainaren % 20 inguru dela uste da) lan egiten lagunduko duen mugimendu global bat martxan jartzeko unea da.

Arrazoi horiengatik, BTWCk maila globalean hainbat konpromiso babesten dituzten ahotsak batu nahi ditu, besteak beste, atunaren iraunkortasuna modu integralean jorratzea, arrantzategien eta arrantza-tokien kudeaketan eta ustiapenean parte hartzen duten pertsonen ingurumen-, gizarte-, ekonomia- eta kultura-ezaugarriak aitortuz; atunaren balio-katean inplikatuta dauden pertsona guztien gizarte-estandarrak eta lan-eskubideen hobekuntza sustatzea, bereziki arrantzaleei garrantzia emanez; edo atun-katearen balio osoaren berdintasuna sustatzea.

Atunaren hirietako ordezkariek parte hartu zuten ekitaldian, hala nola Bermeo, Manta (Ekuador) edo Port Victoria (Seychelles), non atuna bere ekonomiaren eta gizarte-prozesuen, historiaren eta etorkizuneko proiekzioaren funtsezko zatia den. Bertan, atun-sektorearen kudeaketa iraunkorrari eta Nazioarteko Adierazpen honek lehiakortasun eta iraunkortasun handiagoa lortzeko eskaintzen dituen aukerei buruzko ikuspegia partekatu zuten, Nazio Batuen 2030eko Garapen Agendarekin eta D30 Helburuekin bat etorriz.

Bermeo Tuna Forum

Gainera, Atunaren Iraunkortasunerako Nazioarteko Adierazpena aurkezteko ekitaldia Bermeo Tuna Forum ezagutzera emateko unea ere izan zen. Nazioarteko foro berri bat da, atunaren arrantzaren sektorearen iraunkortasunari buruzkoa, eta 2023an egingo da lehen aldiz, Bilbon eta Bermeon.

Mundu mailako adituak bilduko dira gune berean, atunaren arrantza sektorearen kudeaketa eta garapen iraunkorrerako sinergiak sortzea erraztuko duten eztabaida eta hausnarketa sustatzeko.
“Urtez urte, edizio berriak gehitzen joango gara, 2030 Agendarekiko eta haren helburuekiko gure helburuak eta konpromisoa sendotzeko, eta, aldi berean, enbaxadore berriak gehitzen joango gara: atuna eta Bakea, Atuna eta Ozeanoak, Atuna eta Enplegu Dezentea, Atuna eta Generoa…”

Bermeo Tuna Forum 2023, gainera, Atunaren Iraunkortasunaren aldeko Nazioarteko Adierazpenaren Akordioaren sinadurarekin zigilatuko da.

 

NBEren Ozeanoei buruzko Konferentziari buruz
NBEren Ozeanoei buruzko Konferentziaren bigarren edizioak, Kenyako eta Portugalgo gobernuek elkarrekin antolatutakoak, zientzian eta berrikuntzan oinarritutako ozeanoen aldeko mundu-ekintzaren kapitulu berri bat hasteko helburua du, 14. GIHa ezartzeko: ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak iraunaraztea eta modu iraunkorrean erabiltzea. Lisboara joan dira Ignacio Serrats, Aritz Abaroa eta Leire Egiarte, ekainaren 27tik uztailaren 1era konferentzian egingo diren ekitaldi ofizialetan BTWC elkartea ordezkatzera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.