Atun izoztaileen sektoreak Euskadin duen eragin ekonomikoaren inguruko ikerlana

Euskadiko atunontzi izoztailearen balio-kateak 3.100 pertsona enplegatzen ditu eta 924 milioi euroko eragin ekonomikoa du Euskadin, Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak Azti zentro teknologikoaren laguntzarekin egindako ikerketa baten arabera.

Analisia 2015., 2016. eta 2017. urteetako datu ofizialekin egin da, eta tunido tropikalei erreparatu die, hau da, atun moja (Thunnus obesus), hegal hori (Thunnus albacares) eta marradun (Katsuwonus pelamis) espezieetakoei, hiru horiek osatzen baitituzte gehienbat atunontzi izoztaileen harrapaketak. Espezie horiek batez ere kontserba moduan iristen dira kontsumitzailearengana, atun eta hegaluze izendapenekin.

Ikerketaren arabera, sektoreko euskal enpresek 1.969 milioi euroko inpaktu ekonomikoa sortzen dute urtean munduan, eta horietatik 924 milioik zuzenean eragiten dute EAEn (448 milioi arrantzan eta 476 milioi eraldaketan).

Gainera, euskal atunontzi izoztaileek 29.117 lanpostu sortzen dituzte, zuzenean eta zeharka; horietatik 3.100 EAEn geratzen dira, eta gainerakoak munduko hainbat lekutan banatzen dira.

Atunontzi izozkailuaren balio-kateak estatu, eskualde eta toki mailan duen eragin ekonomikoa aztertzen duen lehen azterlana dugu hau, eta Bilbon aurkeztu zen 2019ko azaroan.