22 atun markatu dira, Bermeoko Tuna Tagging Challenge-ren hirugarren edizioan

  • Markatze-ekimen honen hirugarren edizioak, oraingoan hegaluzea ardatz hartuta, balioa eman dio aisialdiko arrantzaren sektoreak arrantza-espezieen iraunkortasunaren alde egindako ahaleginari, eta arrantza-mota horren zaleen eta arrantza-ikerketaren arteko harremanak estutzen lagundu du.
  • Antolatzaileek markaketa kopuruaren datu positiboa azpimarratu dute; horien artean, 11 atun gorri eta 11 hegaluze daude.

 (Bermeo, 2020ko abuztuaren 10a). Hegaluzea oso preziatua da bere nutrizio-balioagatik. Biztanleriaren tamaina, ezaugarriak eta migrazioak ezagutzea izan da asteburuan Bermeon egin den hegaluzea markatzeko lehiaketaren helburua; izan ere, tunidoen industriatik bizi da herri hori, neurri handi batean.

Bermeo Tuna World Capital elkarteak antolatu du proba. Elkarteak atunaren kudeaketa jasangarria sustatzen du maila globalean, baliabide natural gisa, eta, ekitaldi honen bidez, atunaren biologiaren ezagutzan eta atunaren kudeaketarako hartutako neurrien eraginkortasunean sakontzen jarraitu nahi du.

“Bermeo Tuna Tagging Challenge” ekimenaren hirugarren edizio honetan zazpi taldek parte hartu dute (gehienak zonaldekoak). Aurreko edizioetan ez bezala – Ekitaldi horretan atun gorria markatu nahi zen –, aurten antolatzaileek hegaluzeari erreparatzea erabaki dute. Hegaluzea Bermeoko ekonomiarentzat, arrantzarentzat eta kontserba-industriarentzat oso garrantzitsua da. Aurtengo edizioaren beste berritasunetako bat izan da arrantzaleek eurek egin dutela markaketa, eta, beraz, AZTIko biologoek emandako prestakuntza-saio batera joan behar izan dutela aldez aurretik. Erakunde hori partaideei jardunbide egokiak erakusteaz arduratzen da, arrainen egoera ona zaintzeko.

Guztira, 22 atun markatu dira: 11 hegalabur eta 11 hegaluze. “Datu oso positiboa da“, nabarmendu du Iñigo Onandiak, proban zehar atunak markatzearen arduradunak. “Espezieari buruz zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta hobeto kudeatuko da“, gaineratu du AZTIko biologoak.

Ostiralean bilera informatibo bat egin zen, probaren araudia bateratzeko. Jardunaldi horretan, antolatzaileak eta parte-hartzaileak bildu ziren. Biologoek zehaztasunez azaldu zuten markaketa egokia egiteko jarraitu beharreko metodologia, eta probaren dinamikaren xehetasunak ere eman zituzten ezagutzera.

Babesleak eta laguntzaileak

Bermeo tuna World Capital elkartea eta AZTIz gain, Eusko Jaurlaritza, Itsasgarapen Elkartea, Bermeoko Udala, Izaro sub bertako urpekaritza kluba, Conservas Isabel y Conservas Cuca, Evia, Rocket, Sal de Añana eta Ufishpro enpresek ere parte hartu dute aurtengo edizioan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.