2018/09/20. Asteburu honetan, zientzia eta dibertimendua, Bermeo Tuna Tagging Race egitasmoarekin

  • Bizkaiko golkoan arrantza kirola egiteko atungorria elektronikoki markatzeko lehenengo ekimena da, eta espezie honek gure uretan duen egoera hobeto ezagutzeko aukera emango digu.
  • Bermeo Tuna World Capitalek bultzatu du zientzia, ikerketa, kirola eta dibertimendua uztartzen dituen egitasmo hau. Honi esker, atunaren biologia hobeto ezagutzeko aukera izango dugu, eta, aldi berean, ekimenak ingurumena errespetatzeko balioak sustatuko ditu eta herritarren artean ezagutza zientifikoa bultzatuko du.
  • Kirol proban 10 ontzik hartuko dute parte, eta kirol arrantzaleak saiatuko dira ahalik eta markaketa kopururik handiena lortzen, euren arteko lehian.
  • Larunbat goizetik hasita, hitzaldiak eta informazio pantailak egongo dira, arrantza espezieen iraunkortasuna babesteko modu gisa markaketa zeinen garrantzitsua den ikusarazteko. Egitarauaren baitan jaso dituzte, halaber, AIAMA bermeotar artistaren kontzertua eta Markeliñe antzerki taldearen Crusoe antzezlana.
  • Bermeo Tuna World Capitalaz gain, egitasmoaren kolaboratzaile zientifikoak dira, hain zuzen, Eusko Jaurlaritza, Itsas Garapen Elkartea, AZTI, eta Serrats Kontserbak; bestalde, HAZI Fundazioa, Café Fortaleza, La Salve garagardoak, Isabel kontserbak, Cuca kontserbak, Ufispro, BlackFun, Yukis, Fishus, Grundens, Garmin, AZ Trading, Amegari, Big Blu, Ufishpro eta Sentinel dira ekimenaren kolaboratzaileak, parte hartzaileentzako ekipamendua edo produktuak eta lehiaketaren irabazleentzako sariak emango baitituzte.

(Bermeon, 2018ko irailaren 20an) Asteburu honetan, hilaren 21etik 23ra bitarte, Bermeo Tuna Tagging Race ekimena egingo da. Egitasmoan, aukera egongo da kirola egiteko eta zientzia jendarteratzeko; gainera, Bizkaiko golkoan atungorriak duen egoera hobeto ezagutzeko aukera ere izango dugu. Ekitaldi zientifiko honen helburua da, hain justu, ingurumena errespetatzeko balioak sustatzea eta herritarren artean ezagutza zientifikoa bultzatzea. Bermeo Tuna World Capital arduratu da ekimena antolatzeaz eta finantzatzeaz. Erakunde publikoen eta pribatuen arteko aliantzaren ondorioz sortutako elkarte honek atunaren iraunkortasuna sustatu nahi du, eta atunaren balio kateko eragile nagusien parte hartzea bilatu nahi du, nola Bermeon eta Euskal Herrian, hala nazioartean.

Bizkaiko golkoan atungorria markatzeko jardunaldiak agerian uzten du arrantza kirolaren sektorearen ahaleginaren balioa arrantza espezieen iraunkortasunaren alde, eta horrelako arrantza motaren zaleen eta itsasoaren biodibertsitatea eta iraunkortasuna zaintzeko arrantzaren inguruko ikerketaren harremanak sendotzen laguntzen du. Markatzeko jardunaldian zehar kirol arrantzaleek ahalik eta markaketa kopururik handiena lortzen saiatuko dira, proba irabazteko.

Ostiraletik aurrera, asteburu osoan zehar, jarduerez, zientziaz, kirolez eta entretenimenduz beteko da Bermeo, Bermeo Tuna Tagging Race egitasmoari esker. Izena eman duten hamar ontzietako eskifaiako kideak arduratuko dira arrantzatutako atungorriak markatzeaz eta berriz uretara botatzeaz.

Probaren helburu nagusia atungorriaren markaketa elektronikoa egitea da (satelite bidez oso datu konplexuak igorriko baititu: biologia, migrazioak eta portaerak); era horretan, AZTIko zientzialariek Bizkaiko golkoko ekologiari eta tunidoen portaerari buruz ikertu eta horri jarraipena egin ahal izango diote. Lortutako datuek ezagutza handiagoa emango dute atungorrien stockaren egituraren inguruan eta, ondorioz, kudeaketa jasangarria hobetzen lagunduko dute.

Kirola, hitzaldiak, musika eta antzerkia

Dena den, lehiarako izena ematen duten jolas-arrantzaleak ez ezik, gainerako pertsonek ere gozatu ahal izango dute egitasmoaz; izan ere, ekimen zientifiko honek herritar guztientzat dauzka ateak irekita. Beraz, asteburuan Bermeora joaten diren pertsona guztiek gozatu ahal izango dute giro onaz eta antolatutako jarduerez.

Portuan, olatuaren eskulturaren alboan, karpa batzuk jarriko dira, bai eta Bermeo Tuna World Capital elkarteari buruzko informazio gune bat ere. Karpa horietan, larunbat goizetik hasita, hitzaldiak eta informazio pantailak egongo dira, arrantza espezieen iraunkortasuna babesteko modu gisa markaketa zeinen garrantzitsua den ikusarazteko.

Gainera, egitarauaren baitan Bermeoko AIAMA abeslariaren kontzertua dago jasota. Larunbat arratsaldean, 19:00etan, bere kantuak eta ahotsa egongo dira entzungai. Abeslari honek Brasilgo musika eta hip-hopa jazzarekin eta kubatar musikarekin nahasten ditu.

Igandean, berriz, irailak 23, 12:30tan, Markeliñe konpainiak CRUSOE kale antzerkia aurkeztuko du. Familia osoari zuzendutako sorkuntza lana da, itsasoaren eta itsastar munduaren zaporea duena.

Kolaboratzaile zientifikoak eta babesleak

Bermeo Tuna World Capitalaz gain, enpresa ugari ari dira ekimen hau babesteko euren aletxoa jartzen. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetza; arrantza eta ur arloa sustatzeko Itsas Garapen Elkartea izeneko tokiko taldea; AZTI zentro teknologikoa; eta Serrats kontserbak dira markaketa elektronikoetarako ekarpena egin dutenak. Markaketa horiei esker, AZTIko zientzialariek hobeto ezagutu ahal izango dituzte atunen biologia zein migrazioak.

Bestalde, honako hauek dira parte hartzaile guztientzako ekipamendua eta produktuak edo lehiaketaren irabazleentzako sariak banatzeko euren laguntza eman duten enpresak: HAZI Fundazioa, Café Fortaleza, La Salve garagardoak, Isabel kontserbak, Cuca kontserbak, Ufispro, BlackFun, Yukis, Fishus, Grundens, Garmin, AZ Trading, Amegari, Big Blu, Ufishpro eta Sentinel.

Bermeo Tuna World Capital elkarteari buruz

Bermeo Tuna World Capital elkartearen erronka da atunaren kudeaketa jasangarria maila orokorrean sustatzea, ezagutzaren eta jardunbide onen lidergoaren bitartez.

Aliantza publiko-pribatu baten emaitza da, Bermeon, Euskadin eta nazioartean atunaren balio kateko eragile nagusien parte hartzea bilatzeko helburua duena. Orain arte, egitasmoarekin bat egin dute Atunketari Izoztaileen Elkarteek (ANABAC eta OPAGAC); Bermeoko Arrantzale Kofradiak; hainbat kontserba enpresak (Salica, Serrats, Arroyabe eta Zallo); AZTI zentro teknologikoak; eta Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.

Hiriburutzak zientziaren eta arrantzaren, ezagutzaren, prestakuntzaren eta berrikuntzaren arteko lankidetza sustatu nahi du, ondare historikoa berreskuratu, kudeatu eta zabalkundea egiteaz gain. Gainera, egitasmoarekin, Bermeo herriaren garapen ekonomikoa eta soziala ere bultzatu nahi da.

Informazio gehiago: Irantzu Zubiaur. Bermeo Tuna World Capitaleko komunikazioa. Mail: izubiaur@azti.es Tel.: 667 174 330

 

Leave a Reply

Your email address will not be published.