2018/10/11. Bermeo Tuna World Capital ekimenak beste 12 bazkide lortu ditu bere lehenengo sei hilabeteetan

  • Elkartearen erronka da atunaren kudeaketa iraunkorra maila orokorrean sustatzea; gainera, elkarteak hazten jarraitzen du, kide berriak batu baitzaizkio.
  • Bazkide berriak txertatuta, Euskadiko atunaren balio kateko 23 enpresa eta entitate bildu dira dagoeneko elkartean.
  • Elkarteak zientziaren eta arrantzaren, ezagutzaren, prestakuntzaren eta berrikuntzaren arteko lankidetza sustatu nahi du, ondare historikoa lehengoratu, kudeatu eta zabalkundea egiteaz gain. Gainera, egitasmoarekin, Bermeo herriaren garapen ekonomikoa eta soziala ere bultzatu nahi da.

(Bermeon, 2018ko urriaren 11n) Bermeo Tuna World Capital-ek (BTWC), alegia jardunbide egokien lidergotik eta ezagutzatik atunaren kudeaketa iraunkorra maila orokorrean sustatzeko helburua duen elkarteak, beste 12 kideri ireki dizkie ateak sortu zenetik igaro diren sei hilabete hauetan.  Gaur egun, bazkide berriak sartuta, 23 erakunde publiko zein pribatu daude bilduta elkartean. Aurrerantzean ere, datu-basea handitzen jarraitzeko asmoa du, Euskadiko atunaren balio kateko eragile aktiboenak bertan elkartuz.

Hamabi kide berriak izaera zabal eta nazioartekoaren erakusleak dira, horixe baita elkarteak bilatzen duena. Hauek dira, hain justu: Nautical, Marine Instruments eta Zunibal, itsas eta arrantzaren sektoreetarako ekipamendu elektronikoen diseinu eta fabrikazioan adituak diren enpresak; Albacora atun enpresa; Barna, animalien elikadurarako produktuen industrian diharduen enpresa (arrain irinak barne); Garavilla (Isabel) eta Cusumano kontserba fabrikak; Eroski eta Uvesco elikadura banaketarako taldeak; Donostiako Aquariuma; HAZI Fundazioa, landa eta itsasertzaren garapenerako; eta Euskal Herriko Itsas Foroa.

Kide berriek bat egingo dute, beraz, sorreratik dauden hamaika bazkideekin: Atunketari Izoztaileen Elkarteak (ANABAC eta OPAGAC); Bermeoko Arrantzale Kofradia; hainbat kontserba enpresa (Campos, Serrats, Arroyabe eta Zallo);  AZTI zentro teknologikoa; eta Bermeoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.

Atxikitako erakunde publiko zein pribatu guztiek adierazi dute elkartearen helburuekin konpromiso irmoa dutela: hots, zientziaren eta arrantzaren arteko lankidetza indartu; ezagutza, prestakuntza eta berrikuntza sustatu; ondare historikoa lehengoratu, kudeatu eta zabaldu; proiektuak bultzatu, ozeano osasuntsuagoak izan ditzagun; kulturen arteko esperientzia trukea sustatu; eta Bermeo herriaren garapen ekonomiko eta soziala bultzatu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.