Urdaibaiko Biosferaren Erreserban klima irtenbideak sortuz (EHUko udako ikastaroak)

  • Bermeo Tuna World Capital elkarteak naturgune horren babesa bermatzeko irtenbide klimatiko zehatzei buruzko ikastaroa antolatu du
  • UPV/EHUren udako ikastaroen programako prestakuntzarako izen-emateak zabalik daude dagoeneko
  • Ikastaroa formatu digitalean egingo da ekainaren 25ean eta 26an, eta Urdaibaiko Patronatuaren, Bermeoko Udalaren eta IUCNren babesa du.

(Bermeo, 2020ko Ekainaren 8a) Beste ekosistema batzuetan ikusteko zailak diren espezieen bizileku diren padurak, mendeetan zehar nortasun ukigabea duten arrantza-herriak, edertasun handiko hondartzak, ermitak, haitzak, sokak eta begiratoki naturalak. Urdaibaiko Biosfera Erreserba natura-gune bakarra da, eta haren ondare ekologikoa klima-aldaketaren eragin negatibotik babestu behar da

UNESCOk Biosferaren Erreserba izendatu zuen 1984an, aintzatespen hori duen Euskadiko ekosistema bakarra; Urdaibai biodibertsitatean aberatsa den ingurunea da, bilakaera klimatikoa eta ekologikoa hainbat ikuspegitatik aztertzeko eta iraunkortasuna sustatzeko aukera ematen duena.

Testuinguru horretan, Bermeo Tuna World Capital Elkarteak, Urdaibaiko Patronatuarekin batera, eta Bermeoko Udalarekin, Basque Centre for Climate Change (BC3) eta Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunarekin (IUCN) lankidetzan, “Urdaibaiko biosferaren erreserban klima-irtenbideak sortuz” ikastaroa antolatu du, formatu digitalean, ekainaren 25ean eta 26an. UPV/EHUko udako ikastaroetan parte hartzeko izen-emateak zabalik daude dagoeneko.

Ikastaroaren helburua, klima-aldaketaren problematika eta haren ondorioak ezagutarazteaz gain, ahaleginak batzea eta hainbat organismo eta erakundek Urdaibaiko erreserbarako konponbideak bilatzeko garatutako baterako lana bideratzea da.

Ikastaroaren lehen egunean, hitzaldi zientifikoak eskainiko dira, eta gaian aditu nagusienak parte hartuko dute, hainbat ikuspegitatik abiatuta.

Bigarren egunean, erakundeek, ekintzaileek, GKEek eta gizarte-proiektuek diseinatutako irtenbideak aurkeztuko dira, Urdaibain ideia berriak sortzeko eta praktikan jartzeko. Saioa amaitzeko, talde dinamikak egingo dira, eskualdearen arazo klimatikoei eta lokalei erantzuna emateko.

Izen-emateak UPV/EHUren udako ikastaroen web orriaren bidez egin daitezke. Epea ekainaren 21ean amaituko da. Bertaratzeko baldintza bakarra 18 urtetik gorakoa izatea da. Ikasleek %15eko hobaria izango dute izena emateko kuotan.

 

Tokiko ikuspegia duen erronka globala

Gaur egun, klima-aldaketaren ondorioak erronka handia dira, eta AZTI, EHU/UPV edo Basque Centre for Climate Change euskal erakunde eta instituzio akademikoetako zientzialari ezagunek irtenbide bila dihardute, haien kausak eta ondorioak aztertuz, ulertuz eta ikertuz.

“Klima-aldaketaren ondorioak arintzera bideratutako ezagutzak gizartean eragin positiboa izan dezan, beharrezkoa da ideia horiek ekintza eta proiektu publiko edo pribatuetan jasotzea, garapen jasangarriranzko aldaketa bizkortzeko, guztiontzako ongizate handiagoa ekarriko duen ekonomia sozial eta ingurumenekoarekin. IHOBE bezalako erakunde askok, Euskal Herrian, edo IUCN edo EIT europar erakundeek, irtenbide horiek errazteko eta bizkortzeko lan egiten dute, politika publikoen eta ekintzailetzaren bidez. Klima-aldaketa arazo globala da, eta tokiko esparrutik landu behar da “, Bermeo Tuna World Capital elkartearen arabera.

Erakundearen helburuetako bat “klima krisiaren eta ozeanoen jasangarritasunaren aurrean informatzea, prestatzea eta kontzientzia sortzea” dela gaineratu du.

 

Info eta izen-ematea, hemen

 

Leave a Reply

Your email address will not be published.